José Luis Ansorena (1928-2019)

 Jose Luis Ansorena era isilean eta apalean lan egin zuen gizona izan zen. Fruitu ugariko gizona, bere egitekoa musika eta kantuaren eremuan kokatzen da nagusiki.

Maiatzaren 1ean zendu zen José Luis Ansorena Iruñean. Donostian jaio zen 1928an. Harmonia-, konposizio- eta piano- ikasketak Donostiako Kontserbatorioan egin zituen Luis Urteaga eta Beltran Pagolarekin. 1942an Altsasuko Kaputxinoen Seminarioan sartu zen eta ikasketa erlijiosoekin batera musikakoak sakondu zituen. 1953an apaiztu, eta hurrengo urteetan abesbatza ugari sortu eta zuzendu zituen Iruña, Zaragoza eta Errenterian. Errenterian, hain zuzen, Andra Mari (1966), Orereta haur-korua (1968) eta Oiñarri gazte-korua sortu zituen. Euskal musikagileen musika ezagutarazteko, 1973an Musikaste zikloa sortu zuen eta, hurrengo urtean, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboa euskal musikaren ondarea jasotzeko. Organista ere izan da fraide bidali izan duten lekuetan. Euskal musikari buruzko ikerketa, artikulu, liburu eta musikagileen katalogo ugari egin ditu: Aita Donostiari buruzko biografia; txistua eta txistularien inguruko liburua; eta Almandoz, J.M. Usadizaga, Sorozabal eta Aita Donostiaren musika katalogoak, adibidez. Obra erlijiosoak eta korurako lanak idatzi ditu.

Fruitu ugariko gizona (musika eta kantu sortzailea, Andra Mari Abesbatza, Musikaste, ERESBIL…)  Bere bizitzan eta ahaleginetan, On Jose Migel Barandiarani bere amak erakutsi zion hura bete zuen pertsona izan zen: udareondo emankorrenen moduan, pertsonak ere zenbat eta beteago orduan eta apalago.

Gure gizartea eta mundua hobetu eta edertu du Ansorenak, izpiritua aberastu digu eta gutasuna jaso du. Gizakiok musika eta kantua sortzen dugunean, eta zer esanik ez sortutakoa abesbatza denean… guretzat eta besteentzat egiten dugu, gutasuna eraikitzen ari gara. Gutasun armonikoa, besteei irekia, besteekin gauzatzen dena. Eta Jose Luis Ansorenak horixe egin izan du eta bere zereginari esker beste hainbat gauza hezur-mamitzea eragin du: bere lanarekin gure herria eta gure gizartea eraikitzen lagundu du.

Agur eta ohore!

José Luis Ansorenaren izaera eta obrari buruzko informazio egehiago

José Luis Ansorena (1928-2019)

 

Manuel  Yaben  (1915-2015)

Manuel Yaben (1915-2015)

Berastegin jaio zen 1915. urtean. Solfeoa eta pianoa ikasi zituen eta jaioterriko koruan bakarlari moduan ere abestu zuen. 26 urte zituela bere aitak akordeoi bat oparitu zion. Autodidakta moduan ikasi zuen eta urte baten buruan eskeini zuen bere lehenengo kontzertua Radio San Sebastianen. Momentu hartatik aurrera ospakizun eta inguruko herrietako festa ezberdinetan akordeoia jotzen hasi zen. Ostera, Bartzelonara joan zen, orkestra ezberdinetan jotzen ibili zen eta azkenik Camaragüey Hirukoteko partaide izatera igaro zen. Sortu berria zen laukote honek, Portugalen eta Afrika iparraldean sei urtez kontzertuak ematen jardun zuen.

1949. urtean Hernanin finkatu zen. Musika Klasikoaren (Bach-en musika oso gustoko zuen) eta Jazz-aren maitale, bere piano eta organu ikasketak sakontzen jarraitu zuen, Donostiako Kontserbatorioan organuko ikasketak bukatuz.
Lehiaketa ugari irabazi zituen, besteak beste Espainiako Lehenengo Akordeoi Lehiaketa 1952an. Zer esan handia eman zuen lorpen honek, egunkarietan Manuel Yaben “Mago del Acordeón” deitzen zutelarik.
Irakasle lanetan ere aritu zen zentru ezberdinetan, solfeo, piano, akordeoi eta organuko klaseak ematen. 1972 eta 1984 urte bitartean Hernani Musika Akademiako irakaslea izan zen. Bere ikasleek, sari nazional zein nazioarteko sari ugari lortu zituzten, horietako batzu irakasle lanetan ere aritu dira.