Pablo Sorozabalen musika-arloko profila

Jose Luis Ansorenak emandako hitzaldia

Pablo Sorozabalen musika-arloko profila, funtsean, aurkezpena egiten duen pertsonaren ikuspegiaren araberakoa izaten da. Oro har, nik neuk hiru etapa bereiziko nituzke Pablo Sorozabal konpositorearen jardueran. Lehenengo biak nabarmen desberdinak dira: sinfoniak egiten zituen garaia, hogeiko hamarkadan, eta antzerkirako musika lirikoa egin zuen garaia, 1930. urtetik 1968. urtera bitarte –urte hartan amaitu zuen Juan José opera–. Hirugarren etapan musika purua egiten duen konpositorearen bokaziora egin zuen atzera, antzerki-musikarekin tartekatuta betiere; 1950. urtetik hil zen arteko garaia da hori.

Madrilen eta probintzietan, Pablo Sorozabal zarzuela-egilea baino ez dute aipatzen. Euskal Herrian, Maite abesti ezagunaren sortzailearen irudia da nagusi, obra koral ugari, txistuarekin jotzeko obrak, Debako martxa eta, azken urteotan, Gernika obraren egile izateagatik lortu du garrantzia. Zale gutxi batzuentzat, gainera, musika instrumentalaren, sinfonikoaren edo ganbera-musikaren funts nabarmen baten egile ere bada.

Sorozabal biolin-jotzailea Donostiako Musika Akademiako Orkestrarekin

Musikaren hastapenak

(Esther Burgos-en elkarrizketa, 1984)

Esanak esan, nire ikuspegi berezian giza profilari erreparatu nahi diot, konpositorearekin zuzenean lotuta. Izan ere, borrokalari nekaezina baitzen. Baina erne! Ez naiz erakundeekin izan zuen etengabeko borrokari buruz ari –izan ere ez baitzuen erakundeen aurrean inoiz ere amore eman–; bere buruaren aurkako etengabeko borrokari buruz baizik.

Une askotan, borroka hori drama intimo izatera iritsi zen eta guk egoera horien berri izan dugu Sorozabalek berak zintzotasun handiz hitz egiten zuelako jendaurrean beti. Mi vida y mi obra (Nire bizitza eta nire obra) izenburua jarri zien bere memoriei eta, liburu horretan, Pablo Sorozabal zintzoa eta zuzena zela ikusiko dugu, goi-mailako helburuak lortzeko irrikaz eta autokritika zorrotza eginez etengabe. Gure ustez, alderdi horrek marra perfektuekin marrazten du Pablo Sorozabalen musika-arloko profila. Eta euskal musikari garrantzitsu gehienen arazoak laburbiltzen dituela ere esan dezakegu. Haren hitzak aipatuko ditugu, autoerretratu ezin hobea egiten baitute eta geroagoko adierazpenak ulertzeko lagungarri izango baitzaizkigu:

“…Gaztaroko nire errebeldia aregotzen ari zen… eta behin baino gehiagotan nabarmendu nintzen mutiri edo errebelde jokatzeagatik baina, Arbos ulerkorra eta bihotz onekoa izaki, jokabide horiek ez zidaten ondorio negatiborik eragin.

… Nire soldadutzaldia hain laburra izan ez balitz, azkenean desertatu egin beharko nukeen edo espetxe militarren batean bukatuko nukeen, nire izaerak ezin baitzion diziplina horri men egin…

… Nire izaera bohemio eta anarkikoa Bilboko gizartearekin guztiz bateraezina zen…

…Zenbat aldiz ez ote naizen damutu nire ezpainetatik bat-batean ateratako esaldiengatik, nahiz eta esandakoa bat ez etorri nire sentikerarekin…

Musikari batek bere bizitzan gainditu beharreko lehen bataila une erabakigarri batean gertatzen dela esan daiteke; hain zuzen ere, profesional bihurtzeko erabakia hartzen duen unean.

Pablo Sorozabal (Leipzig, 1920)

"...Alemanian izan nintzen 1920ko urritik 1933ko otsailera bitarte..."

(Esther Burgos-en elkarrizketa, 1984)

Pablo Sorozabal biolin-jotzailea zen gazte-gaztetatik, baina 1919. urtean soldadutza amaitu zuenean otu zitzaion Madrilera joateko ideia, konpositore gisa ezagutzera emateko. Madrilen, Orkestra Filarmonikoan sartu zen; kontzertu bakoitzeko bost duroko soldata kobratzen zuen, egunero-egunero entseguak egiteko betebeharrarekin. Egoera horretan, biolin-jotzaile jarduteko lana bilatzen hasi zen kafetegietan eta antzeko aretoetan. Bien bitartean, Pablo Sorozabal Capricho español eta Cuarteto en Fa obrak lantzen ari zen. Konpositore arrakastatsu bihurtzeko grinak bultzatuta, gehiago ikasi behar zuela erabaki zuen. Schumann-en memoriak irakurri zituen eta, Leipzig hiriko musika-bizitzaren berri izan zuelarik, hara joatearekin tematu zen. Donostiako Udalaren beka bat lortu zuen, baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren beste bat ere geroago, eta 1920. urtean Alemaniarantz abiatu zen. Kontrapuntua ikasi zuen Stephan Krehl-ekin, eta orkestra-zuzendaritza, aldiz, Hans Sitt-ekin. Hogeiko hamarkada horretan prestakuntza jasotzen buru-belarri jardun zuen eta, ikasketaldi horretan, obra ugari konposatu zituen; horretaz gain, orkestrak zuzentzen ere hasi zen. 1922. urtekoak dira hainbat obra koral: Arrosa liliaBentara noaKuku bat badut, eta abar; 1923an Suite Vasca konposatu zuen koru eta orkestrarako; 1924. urtean biolin eta pianoarekin jotzeko hainbat obra idatzi zituen, baita koruak abesteko obrak ere; 1925ean Dos apuntes vascos partitura sinfonikoa konposatu zuen eta, jarraian, Gabiltzan kalez-kaleBigarren kalez-kale eta Baserritarra idatzi zituen, koruak eta txistuek interpretatzeko. Ahotsak eta txistuak uztartzen lehena izan zen Sorozabal. 1927. urtean Variaciones sinfónicas sobre un tema vasco obra handia idatzi zuen; 1928an Gernikako arbola orkestrarekin jotzeko; 1929. urtean Siete lieder eta Donostia, txistu-bandak jotzeko.

Uda-garaian, Pablo Sorozabal Donostiara itzultzen zen eta lagunek orkestra donostiarren bat zuzentzeko aukera prestatzen zioten; hartara, aipatu ditugun obra horietako asko estreinatu ahal izan zituen orkestra horiekin. Bere herrian profeta izateko aukera izan zuen, beraz. Uda horietako batean, donostiar batek Sorozabali galdetu zion ea obra sinfonikoekin diru asko irabazten ote zuen. Zentimo bat bera ere ez ziotela ematen aitortu zion, baina bai gastu asko eragin; erantzuna entzundakoan, solaskideak barre egin eta Jesus Guridi aipatu zion, izan ere, “El Caserío” izeneko zarzuela bat estreinatu berri zuen Guridik, eta egile-eskubideengatik diru asko irabazten ari omen zen. Horrek pentsarazi egin zion. Hogeita hamar urte zituen jada, baina ez zuen ezer. Bekak amaitu ziren. Zarzuelak idaztea amore ematea zela iruditzen zitzaion. Musika sinfonikoa zuen amets, musika purua, baina konturatu zen hori ezinezkoa zela eta miseria gorria baino ez zuela lortuko horrekin.

Lassalle maisua pertsonaia xelebre samarra zen, eta Madrilen orkestra bat ere bazuen; maisuaren idazkari batek Sorozabal kontratatu zuen euskal musikako kontzertu bat zuzentzeko 1928. urtean. Aukera bikaina zen, eta programan bere obrak sartu zituen: Dos apuntes vascosVariaciones sinfónicas sobre un tema vasco, eta bukatzeko, kontzertu horretarako berariaz idatzi zuen Gernikako arbola. Horrela, bada, Madrilen ezagun egin zen konpositore- eta zuzendari-lanetan. Bidaia hartaz baliatuz, libretoak idazten zituzten Emilio González del Castillo eta Manuel Martí Alonso autoreekin harremanetan jarri zen. Haiekin sortu zen Katiuska idazteko ideia. Leipzigera itzuli zen eta partitura lantzen hasi zen. Madrilekoekin kontaktuan egon zen, Katiuska sortzeko aholkuak eman behar zizkiotelako, baina harremanak ez ziren hain onak izan, errezeloak zituztela sumatzen baitzuen; izan ere, Espainiako hiriburuan zuzendu zuen kontzertu hartan “teknikoa” zelako ospea zabaldu zen eta,  

antzerkigintzaren arloan, hori ez zen ona, inondik inora ere. Baina Sorozabalak lanean jarraitu zuen, bere gaitasunekin uste osoa izanik. Aukerak bata bestearen atzetik etorri zitzaizkion, eta 1931. urteko urtarrilaren 27an izan zen estreinaldia. Urrats oso garrantzitsua egin zuen. Sorozabalek beste bide bati ekin zion bere konpositore-bizitzan.

  1. urtean, Ritmoaldizkariko idazle batek elkarrizketa bat egin zion; hona hemen zenbait galdera::

– Zer nolako inpresioa jaso zenuen konpositore liriko moduan hasieran izandako arrakastarekin?

– Izugarria. Begira. Ni, Grotrian Steinweg-Orchester orkestraren zuzendaria, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari Golschmann-en ordezkoa, konpositore klasiko handiekin maiteminduta nengoela buru eta bihotz; ni, sinfonia, kuarteto, suite, bariazio eta abarren egilea; ni, berriz diot, benetako musika Beethoven-ena eta hortik gorakoa zela uste nuela. Ez nuen nire goi-goiko ikuspegi hartatik behera jaitsi nahi… Baina jaistea erabaki nuelarik, bizitzaren errealitateak erakarrita, lotsagorritu egin nintzen, emakume zintzoa bertutearen bidetik aldentzen denean lotsagorritzen den antzera…

Pablo Sorozabal arrakasta artistikoaren eta ekonomikoaren bidean dago jada. Libreto onak aukeratzea da kontua, eta musika idazteari ekitea, atsedenik hartu gabe. Baina beti onena lortu nahi horretan, zarzuela eraldatzea du amets, musika-estilo horri maila handiagoa emate aldera. Adiós a la Bohemia idatzi zuen Pío Barojaren testu batean oinarrituta. Badaki gutxiengoari zuzendutako partitura dela. Baina berak idatzi duen gauzarik onena dela defendatu izan zuen luzaro. Ikusleek harrera hotza egin zioten. Katiuska obrarekin irabazitako dirua Adiós a la Bohemia obrarekin galdu zuen, eta bere emazteak honela deitzen zion obrari: “Adiós a la taquilla”. Aurrerantzean, Sorozabalek ikus-entzuleengana iritsi nahi izango du, baina ahalik eta musikarik onena egiten. Buru-belarri ekin zion partitura berriak konposatzeari. Batzuetan lan gehiegi izaten zuen, presaka egitekoa ia beti, eta osasun-arazoak ere izan zituen horren eraginez. Horrela etorri ziren honako hauek:

Adiós a la Bohemia

– Eta zer gertatu zitzaizun orduan?

– Bada ikusleak ez ezik kritikoak ere harritu zituen Katiuska obrarekin lehen arrakasta lortu ostean, musika-tradizioarekin lotura estu-estua egin nuela eta, Barbieri, Chapí, Giménez, Bretón eta Chueca aztertzen hasi nintzelarik, gozamen handia hartu nuen eta erabateko purutasuna sentitu nuen, bekatuaren errurik gabe; izan ere, lirikaren generoan, txiki nahiz handi, balio artistiko goreneko obrak biltzen dira, eta orduan sortu zitzaidan barru-barruan Espainiako musika tradizionalarekiko erakarpen sutsua eta abertzaletasun sakon-sakona… Zeren, Espainian idatzi den guztia aintzat hartuta, musika-balioa duen gauza bakarra genero txikian eta sainetean baitago. Genero sinfonikoan balioa duena hortik, tradizio horretatik, genero txiki horretatik sortu baita. Horra hor Fallaren kasua, Espainiako konpositorerik miresgarri eta handienaren kasua. Haren obra pertsonala da, haren forma sinfonikoak paregabeak eta harrigarriak; baina erritmoak, kadentziak, modulazioak… material hori guztia tradiziotik dator.

Sorozabal La del Manojo de Rosas libretoaren autoreekin. 1934

Sorozabalen Juan José drama liriko herrikoiak aipamen berezia egitea merezi du, hamaika urtez etengabe jardun baitzuen partitura hori lantzen. Egilearen ustez berak idatzitako gauzarik onena da. Lehen esaten zuen Adiós a la Bohemia zela bere obrarik onena, baina gerora, Juan José obraren prestaketa-lana izan zela zehaztu zuen. Tamalez, egilearentzat bere obrarik onena zen hori ezin izan zen estreinatu 2016. urtera arte.

Ikus daitekeenez, hogeita hamarreko hamarkadan operetak eta zarzuelak idatzi zituen, talentu eszeniko handikoak betiere, teknika ona eta irudimen handia baliatuta. Hain justu esparru sinfonikotik etorri izanak –Usandizaga eta Guridi bezala– segurtasuna eta konfiantza eman zizkion harmonian eta orkestra-efektuetan trebetasun handiz mugitzeko. Alde handia dago musika sinfonikoaren eta musika lirikoaren gaineko kontzeptuetan: lehenak garapen handiagoa du, arropaje konplexuagoa, eta bigarrenak, aldiz, baliabide arinagoak. Ez ditu libretoak onartzen musikaz “betetzeko”.

Udal Bandari omenaldia Chamberí plazan (Madril)

Libretoa erdi-hutsik utzi behar da. Bestela, Etxalarrera joan eta usoak kanoikadaka ehizatzea bezala izango litzateke. Gai herrikoiak erabili zituen zarzueletan, inork baino gehiago, eta ahotsaren eta orkestraren arteko oreka egokia lortzen zuen beti. Sorozabalen zenbait obra eta zarzuelen hainbat zati mundu osoan barrena ezagun egin dira abeslari espainiar onenen ahotsetan.

Zarzuelaren historian gorabehera handiak izan dira. Pablo Sorozabalekin berpizkundea iritsi zitzaion. Sorozabalen heriotzarekin, zarzuelari ere iritsi ote zaio heriotza?

Sorozabal zarzuelen egilearen berariazko arazo bat aipatu nahi dugu. Euskal konpositore handiak ez zuen euskal zarzuelarik idatzi.

La Tabernera del Puerto (1972)

Berak esan zuenez, “ez zukeen El Caserío libretoa inoiz onartuko, ez duelako euskal-kutsurik, inondik inora ere”. La Tabernera del Puerto obrari dagokionez, libretoa Guridik egin behar zuen, baina oso lanpetuta zegoenez, Sorozabali eman zioten. Ekintza asmatutako herri batean gertatzen da, Cantabreda herrian, Sorozabalek ez zuelako nahi euskal kostaldeko toki ezagunen bat izatea. Kantauri itsasoan gertatzen dela ikus daiteke, zehazki Santoña edo Castro Urdialesetik Hondarribira bitarteko tokiren batean. Horregatik agertzen dira euskal gaiak eta kantabriako gaiak. Baina ez zuen euskal obra peto bat egin, libretoa falta izan zuelako. Benetan euskal-giroko zerbait egitea, pertsonaia sinesgarri eta guzti, oso zaila da. Barojarekin bai, harekin egin zezakeen. Lan asko zuten aurreratuta Barojak eta Sorozabalek. Zarzuela karlistaldian kokatzeko asmoa zuten, Barojak ongi ezagutzen zuen gaia zelako, baina uztailaren 18a iritsi zen eta dena pikutara joan zen. Beste konpositore batzuek ere egin zituzten hainbat saiakera: Azkueren Bizkaitik Bizkaira; edo Ismael Echazarraren Pasa de Chimbos, El Zortziko de Miguel; edo Gerónimo Giménezen Joshe Martín, el tamborilero; Joaquín 

Larreglaren Miguel AndrésJosé Olaizolaren Zorigaitztoko eguna; Juán de Orúeren Naste-borraste eta abar, baina ez zuten arrakastarik izan eta ahaztuta geratu dira. Urteak joan, urteak etorri, iraun duen bakarra Guridiren El Caserío izan da, baina musikari esker, ez libretoari esker, oso eskasa baita. Sorozabalek asmatuko ote zukeen euskal zarzuela sortzen, bere ahalegin eta jakintza guztia jarrita?

Zarzuelak, operetak, komediak, saineteak… idazten zituen etapa 1964. urtera arte luzatu zen. Ikusi dugu lehen hogeita hamarreko hamarkadan genero horretako hamar partitura konposatu zituela. Berrogeiko hamarkadan zazpi idatzi zituen, eta 1964. urtera arte beste sei ere konposatu zituen. Halaber, hiru filmetarako musika ere sortu zuen: Jai-AlaiMaite zortziko ezaguna hortik dator–; Marcelino, pan y vinoMaría, matrícula de Bilbao. Baina zer gertatu zen hogeiko hamarkadako konpositore tekniko eta sinfonista harekin?

Antzerkigintzako jarduera zertxobait baretu zuenean –konpositore eta interprete-konpainietako zuzendari moduan–, berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetan jatorrizko musika-mundura itzuli zen atzera. 1951. urtean Victoriana orkestra-suitea idatzi zuen, Tomás Luis de Victoriaren koruetan oinarrituta. 1952an Neskatxena koru-suitea idatzi zuen Maitea abesbatzari eskainita, eta Chantons, mes chers amis suitea, berriz, Easo abesbatzaren omenez. Abesti horiek eta lehendik konposatuta zituen beste batzuk New Yorken argitaratu ziren, testua euskaraz eta ingelesez zutela. 1956an ¡Ay, tierra vasca! (Euskalerria) konposatu zuen eta 1966. urtean bere obra gogokoena idatzi zuen: Gernika hileta-martxa; aurrerago, eusko-kantata bihurtu zuen, koruarekin eta orkestrarekin interpretatzeko. Bere Gernika obraren lau bertsioen artetik, laugarrena –koru herrikoi handiak eta fanfarreak interpretatzeko dena– argitaratu gabe dago oraindik. Gerora, hainbat urtetako aldearekin, Zortziko de las Bateleras eta Dos Danzas konposatu zituen txistu-bandak jotzeko. Lili pollit bat eta Ocho canciones vascas bilduma, koruak edo bikoteak abesteko, gitarrarekin. Ya s’ha muerto el Burro, koruak kantatzeko. Marcha de San Sebastián eta Ara nun diran ahots eta orkestrarako, baita Vino, Solera y Salero balleta ere. Bizimodu lasaiagoa izan zuen etapa horretan, eta aurreko obra asko berraztertu zituen. Horregatik, obra beraren hainbat bertsio aurki ditzakegu Pablo Sorozabalek berak idatzitakoak.

Obra horien guztien artean ez dago bat bera ere kutsu sinfonikoa duenik, eta orkestrarako plantilla duten obretan, hasierako Sorozabal sinfonistatik baino Sorozabal lirikotik gertuago dagoen estiloa aurki dezakegu.

Nik horrela ikusten ditut Pablo Sorozabal konpositorearen hiru etapak. Hiruretan nortasun handiz gailendu zen, eta hiruretan arte zerutiarraren maila gorenera iristeko lan egin zuen, gogo biziz.