Inicio de la página-EU

AYUDAS A LA ACCESIBILIDAD-EU

JOSÉ MARÍA USANDIZAGA



Donostian jaio zen, 1887ko martxoaren 31ean, Garibay kaleko 6. zenbakian, eta Santa María parrokian bataiatua izan zen apirilaren 3an. Bost anai-arrebetatik zaharrena ze, eta bera baina hamalau urte gazteagoa zen arrebak gogoratzen zuenaren arabera, oso alaia, dibertigarria eta bihurria zen. Bera jaio zen urtean Donostian Gran Casino inauguratu zen eta Compañía de Tranvíak lehen garraio zerbitzua eskaini zuen. Urte horretan bertan, María Cristina de Habsburgo erreginak, Donostian jarri zuen gortearen udako erresidentzia.

HAURTZAROA

Bost urterekin zoritxarrez aldaka hautsi zuen, eta luzaroan geldirik egon behar izan zuen. Herrena gelditu zen eta bizitza guztian zola altuko bota eraman behar izan zuen. Gaixoaldian aspertu ez zedin, Celesta bere izebak jostailuzko pianoa oparitu zion, eta huraxe izan zen bere jostailurik gogokoena. Bere amak pianoa jotzen zekienez, Jose Mariaren lehen musika irakaslea izan zen.
Irakurtzen eta idazten etxean ikasi zuen, eta batxilergoa Donostiako Urdaneta kaleko institutuan egin zuen. 9 urterekin lehen musika klaseak jaso zituen. Germán Cendoyarekin solfeoa eta pianoa ikasi zituen eta Beltrán Pagolarekin harmonia.
9 urterekin ere, lehen obra konposatu zuen, pianorako Bals bat (1896).
1897ko abenduan, Donostiako Miracruz auzoko Asunción komentuan kontzertu erdi-publikoan parte hartu zuen.

 Francis Planté

1898ko irailaren 30ean, Gran Casinoko seikotearen kontzertuaren ostean, (bertan Pagola bere irakasleak parte hartzen zuen), modu inprobisatu batean jo zuen. 1900eko martxoaren 18an Errege Euskalerriaren Adiskideen Elkarte Ekonomikoak Arte Ederren Jauregian “Haur kontzertua” antolatu zuen, bertan J. Mª Usandizagak parte hartu zuen Mozart eta Chaminade interpretatuz, eta hirukotean Haydn ere interpretatu zuen. Kontzertuko kritiken arabera, Usandizagak ez zuen Arte Ederren Jauregian edo eta Gran Casinoan antolatzen zen kontzerturik galtzen.
Bere gurasoek lagundu nahi izan zioten musikaren aldeko azaltzen zuen bokazio nabarian. 1900 urtean bertan, bere aitak Mont-de Marsan-era eraman zuen Francis Planté pianista famatuaren erresidentziara, donostiako gaztearen musika gaitasunen inguruko iritzia jakin nahian. Godard, Schumann eta beste autoreen lanak entzun ostean, Usandizaga aurkezteko audizio bat antolatu zuen, bere lehen konposizioa ere interpretatu zuelarik, eta bere aitak Usandizagaren musika ibilbidea babesten jarraitzeko animatu zion. Planté berak, ikasketa plana egin zion, Pariseko Schola Cantorum ezagunean ikasten hasteko.
Parisera joan aurretik, aipatutako obraz gain, pianorako un Capricho (1901?), lau ahots nahasietarako Misa (1901eko urtarrilaren 1eko datarekin, eta pianorako Escenas de caza (1901) konposatu zituen.

IKASKETAK PARISEN

1901eko urrian, hamalau urterekin, José María Usandizagara Parisera joan zen bertako Schola Cantorum-eko ikasle gisa. Pianoa Gabriel Grovlez-ekin ikasi zuen, harmonia Fernand de La Tombelle-rekin, kontrapuntua Louis Tricon-ekin, ahost eta instrumentuen konjuntua Louis de Serres-ekin eta konposizioa Vicent d´Indy-rekin.
Parisen euskal musikari ezberdinekin topatu zen. Batetik, Resurreción Mª de Azkue-rekin topo egin zuen, urte batzuk beranduago, 1912an, euskal abesti tradizionalen bildumen lehiaketa irabazi zuenak, baina batez ere Jesús Guridirekin, biak lagun onak bilakatu zirelarik.
Jesús Guridi-rekin ostatuan ere batera egon ziren, ikasleen erresidentzia gisa egokitutako abadia zaharreko eliza batean. Arabako konpositoreak kontatzen zuenez, oso zaila izaten zen gelan kontzentratzea, izan ere gela Schola Cantorum-en gainean kokatua zegoen, eta egunean zehar organoa etengabe entzuten zen.
Ikasketekin laguntzeko, Pariseko etxe partikularretan musika saioak ematen zituen. Baina Pariseko musika eskaintza zabala ere aprobetxatzen zuen, ahal zuen guztia entzunez eta ikusiz: italiar antzokia, Puccini buruan, baina baita Parisera Errusiatik iritsitako Mussorgsky eta Rimsky-Korsakov-en obrak. Eugène Gigout organista entzutetsua ere entzuten zuen, César Franck-en ikaslea.

USANDIZAGA, PIANISTA

Pianoko ikasketa profesionalen hastapenetan, Usandizagak oporrak aprobetxatzen zituen hainbat kontzertutan parte hartzeko. 1902k irailean Pariseko Schola Cantorumek Donibane Lohitzuneko Salle du Casino-n eskainitako bi kontzertuetako batean pianista bezala azaltzen da, Charles Bordes-en zuzendaritzapean. Schubert-en Impromptu si b-ean interpretatu zuen, bai eta Suit Brève: pour piano sur des Airs basques, Marthe Ducourau konposagilearena. Beranduago, irailaren 28an, beste kontzertu bat eskaini zuen Donostiako Arte Ederren aretoan. Usandizagak E. Grieg-en pianorako Sonata interpretatu zuen.
1904ko irailaren 17an, konpositore gisa aurkeztua izan zen Donostian; Gran Casinoko Orkestrak Suite en La obra lehen aldiz interpretatu zuen Donostiako Gran Casino-an, Fernandez Arbós-en zuzendaritzapean.
Hala ere, 1905-1906 ikasturterako Parisera bueltatu zenean, Jose Mª Usandizagaren lan ibilbidea betirako konposaketara bideratzea jazoko zuen ezbeharra gertatu zen.
Egun batetan, pianoa jotzen ari zen bitartean, eskuineko eskuetako behatzetan min handia sentitu zuen. Hasiera batetan moztea gomendatu zioten, baina bere aitak Donostiara bueltan eraman zuen, bertan tratamenduan jarri zutelarik. Baina ezin izan zuen berreskuratu instrumentista batek behar duen arintasuna. Musika ibilbidea konposiziora zuzentzea erabaki zuen. Parisen lehen zorigaiztoko tuberkulosi sintomak azaldu ziren.
1906eko urtarrilean Donostiara bueltatu zen, aurretiaz “Diplôme de Sortie de Classe” eman ziotelarik, hau da, ikasturte amaierako ziurtagiria eman zioten, adieraziz jada lortuak zituela aurrerantzean hobekuntza artistikoak bakarrik lantzeko beharrezko baldintzak.
Pariseko egonaldikoak dira honako obrak: Capricho nº 1 (1901), pianorako pieza Donostian hasi zuena; Vals (1901) pianorako; Souvenir de Mont de Marsan (1901) pianorako; Scherzo (1901) pianorako; Scherzo nº2 (1902); Romanza Nº2; Danse (1902), pianorako; Romance pour violon et piano (1902); Suite en La (1904) orkestrarako; Ofertorio (1904) organorako; Comunión (1904), organorako; 5 pièces pour gran orgue (1904); Pieza sinfónica para órgano (1904); Ave Maria (1904) ; Dans la mer (1904), poema sinfonikoa; Romanza (1904), pianorako; Entrée (1904) organorako; Harmonisation d´un thème grec (1904) pianorako; Lied: pour piano et violón (1904); Sérenade: pour violon et piano (1904); Ofertoire (1905) organorako; Ouverture symphonique sur un thème de plain chant (1905), orkestrarako; Quatuor à cordes: sur des thèmes populaires basques (1905).

ITZULERA DONOSTIARA

Hemezortzi urterekin Donostian erabat kokatua, hiriko musika bizitzan erabat integratu zen. Aurreko urtean Parisen idatzi zuen Quatuor obra estreinatu zuen.
Bizitza sozialean ere erabat integratu zen, Donostiako gazteek sortutako “La Estaca” elkartearen dantzetan pianista moduan parte hartu izan zuelarik.
Musikari garrantzitsuenekin erlazionatzen zen, Aita Donostia bezalako pertsona ospetsuek aholkuak eskatzen zizkiotelarik. Musika erakundeekin ere harremana zuen. Aipagarria da José Mª Usandizagak Donostiako Orfeoiarekin jorratutako harreman estua, abesbatzarako hainbat suite idatzi izan zituelarik.
Bueltatu ondorengo urteetan honako obrak idatzi zituen: Gure erri maitiari (1905); Rapsodia vasco-francesa (1907) ahots nahasietako abesbatzarako; Impromptu (1908) pianorako, Leo de Silka-ri dedikatua; Fantasía para violonchelo y orquesta (1908); Postludio (1908), organorako; Variaciones sinfónicas (1909), organorako; Rapsodia vascongada (1909); Jota (1910) pianorako.

LEHIAKETAK ETA SARIAK

Lehiaketak eta sariak dira konposaketaren pizgarrietako batzuk.
Donostiako Euskal Jaietako lehiaketan lehen saria lortu zuen Irurak bat orkestrarako lanarekin (1906). Elgoibarko jaietako lehen saria lortu zuen Bidasoa, bandarako martxarekin (1907); era berean, Eibarren ere lehen saria lortu zuen bandarako Euskal Festara martxarekin (1908). 1909an saria jaso zuen Hernanin Chorichua nora ua? rapsodiarekin, gizonezko abesbatzarako abesti herrikoiez osatua.
Hainbat epaimahaietan parte hartu izan zuen, esate baterako: Elgoibarko Euskal Jaietako danbor lehiaketan (1907), Donostiako Bandako Zuzendari plazarako oposaketan (1912).

USANDIZAGA, ORGANISTA

Donostia hiriak organo garrantzitsuak izan ditu, eta horien artean aipagarriak dira Cavaillé-Coll etxekoak, San Vicente edo Santa María parrokietakoak hain zuzen ere. Usandizagarengan eragin handia izan zuten musika irakasleak, Germán Cendoya eta Beltrán Pagola hurrenez hurren, biak organistak izan ziren. Usandizagak hainbat alditan Arte Ederren aretoan interprete moduan parte hartu izan zuen, eta areto honek organoa zuen ere. Organorako egin zituen obren sinaduran jartzen duen datarengatik ondorioztatu daiteke, Schola Cantorum-ek eragin handia izan zuela Usandizagak organorako obrak konposatzeko.
Konpositoreaz gain, organoko interpretea ere izan zen. 1907ko Elgoibarko Euskal Jaitan, José Mª Usandizgak San Bartolomé parrokian organo emanaldia eskaini zuen. 1911ko Abuztuan Bidaniako San Bartolomé jaiak zirela eta, César Franck-en ofertorioa interpretatu zuen mezetan.

MENDI MENDIYAN

1909an José Power idazleak, euskal giroan kokatutako obra dramatikoa idaztea proposatu zion Usandizagari. Obra idazteko eman zitzaion epea oso laburra bazen ere (obrak hurrengo urteko apirila baina lehen bukatua behar zuen) Usandizagak hilabete gutxitan prestatu zuen partitura. Guridiri irailaren 30ean idatzitako gutun batean aipatzen dizkio zein bost abesti herrikoitan oinarrituko den bere obra idazteko; goizean zehar konposatzen zuena, arratsalde-gau partean instrumentatzen zuen.
Jatorrizko libretoa Powerek idatzi zuen espainolez eta Pepe Artola poetak egin zuen euskarazko bertsioa. Donostia inguruko hainbat musikarik, obra eszeniko berriari buruzko hainbat proposamen egin zituzten, esate baterako: Francisco Gascuek, José Mª Agestak, “Lushe-Mendi”-k edo Bilboko Koru Elkarteko Aureliano Vallek. Honela, hilabete gutxiren buruan, Mendi-Mendiyan izeneko pastoral lírica vascongada en tres actos y epílogo” obra osatua zegoen.
Mendi-Mendiyan obra Bilboko Campos Elíseos Antzokian estreinatua izan zen 1910eko maiatzaren 21ean, konpositorearen zuzendaritzapean.

KONPOSITORE ARRAKASTATSUA

Urte hauetakoak dira Los Reyes Magos (1912), piano, ahots, piano eta ahots eta orkestrarako bertsionak; Chopin!!! (1912); Hasshan y Melihah (1912), bi bertsiotan, bata pianorako eta orkestrarako bestea; Cuarteto en la (1912), lehen denbora idatzi zuen bakarrik, eta Umetzurtza-ren (1913) eszena dramatikoa, soprano, tenore, abesbatza eta orkestrarako.

LAS GOLONDRINAS

1912ko udaran, Martínez Sierra-Lejárraga bikotearekin harremanetan jarri zen Usandizaga; Obra liriko baten libretoa egiteko, “Teatro de ensueño” liburuko “Saltimbanquis” obra hartzea erabaki zuten azkenik. Usandizagaren hitzetan, lehen musika notak 1913ko irailaren 20ean idazten hasi zen, eta udazken horretan zehar Urnietako Aguirre baserrian lanean jardun zuen, Las Golondrinas-en partitura abenduaren 20ean amaitu zuelarik.
Las Golondrinas 1914ko otsailaren 5ean estreinatu zen Madrilgo Teatro Circo Price-n.
Garai honetakoa da ere Cortejo (1913), ehizako bi tronpentzat eta pianoarentzat; Himno al Centenario (1913), abesbatza, tronpeta eta danborrentzat eta musika bandarako, Donostiako sutearen ehungarren urtemugarako konposatua; En la aldea están de fiesta (1914), pianorako.

LA LLAMA

Esquiloren tragedian oinarritua dagoen La Llama obra dramatikoren libretoa María Lejárragak idatzi zuen. Obra hau, arabiar herrialde batean girotua dago.
1914ko irailaren 30ean Pilar Bayonari idatzi zion, Igantzira (Nafarroa) zihoala “negua igarotzera”, obra berriaren lau ekitaldiak idaztera. Hurrengo urtean zehar lanean dihardu buru belarri, baina bere osasunak okerrera egin zuen eta 1915eko Irailean Donostiara eraman zuten. Obra hil ostean estreinatua izan zen, 1918ko urtarrilaren 30ean, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, eta Ramón Usandizagaren zuzendaritzapean.
José Mª Usandizaga 1915eko urriaren 5ean hil zen, 28 urte zituelarik.
Amaitzear gelditu ziren Costa Brava lana, itsaso inguruan girotutako obra liriko dramatikoa. Bertakoa izango litzateke “Los Reyes Magos”, edo Bitz, ekitaldi bat eta bi koadrotako komedia lirikoa.

USANDIZAGA, DONOSTIA HIRIAREN IKURRA

1915eko urriaren 6ko goiza, Donostia hiriarentzat, zorigaitzeko goiza izan zen, José Mª Usandizagaren heriotzak jazo baitzen. Herio elizkizunak Donostiako Santa Maria Parrokian ospatu ziren, Donostiako Orfeoiaren partaidetzarekin. Hileta jarraigoa, familiaren etxetik, Garibai kaletik abiatu zen eta geldi uneak egin zituen Casino-an (Cuarteto del Gran Casinok Cuarteto en la obraren andantea interpretatu zuen) Boulevard-ean, Victoria Eugenia-n ( Antzokiko orkestrak, Pablo Sorozabal-ekin biolinista gisa, Las Golondrinas-en preludioa interpretatu zuen) eta azken geldiunea Santa Catalina zubian egin zuten, azken agur gisa (Orfeoiak, Mendi-Mendiyan-eko “Ave María” interpretatu zuen). Donostian ez da sekula gehiago ezagutu orduan jazotako dolu adierazpen hain garrantzitsurik. Lehen Mundu Gerraren erdian, herrialde neutrala izanik, Donostiak alderdi eta iritzi ezberdinetako bisitari ugari biltzen zituen garai hartan, eta guztiek agurtzen zuten gaztaroaren erdialdean hildako idoloa, herriaren ikur bilakatu zena.
 


Jesus Guridi

ERESBIL

Musikaren euskal artxiboa
Tel.: (34) 943-000868 • Fax: (34) 943-529706
E-mail: bulegoa@eresbil.com